XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irailean eskolak hasten dituzte eta 17an Bergaran azterketak egin behar 7 mutikok (Horretarako jakin behar da aita Domingok lortua zuela epaimahai ofizial mixto baten izendapena, Donostiako, Zarauzko eta Guichongo, iparraldeko, ikastokietako ikasleak aztertzeko).

Sale mal en Geografía Vidaurre y mal en latín Narbaiza, los demás bien en todo. Biharamunean 40 graduko beropean, Loiolan barrena (yo llego a las 12 a la casa grande), itzulia Zarautza, non alkatea emakumea dela esaten baitigu.

Urriaren lean Oinatiko Unibertsitatearen irekiera eta, uda eta oporrak igaro baitira, berriz ere gerra-hotsa bazterretan: revuelta y fuego en Barcelona; estado de sitio por toda España; partidas revolucionarias en Cataluña, Aragón, Valencia, horrores de Vals, Barcelona Valencia, Zaragoza; sucesos horribles del bombardeo y toma de Valencia. Hori guzia hilabete baten barruan.

Hemen ere ez daude gauzak guztiz bare eta geldi, baina beste toki haietakoen ondoan huskeriak dira hemengoak. Urriaren 11an Zarauzko udala Azpeitiko Epaitegira doa eta azaroaren 5ean atxilotua daramate hango espetxera, eta ez dute askatzen harik eta hamabost egun igaro arte. A ze musika eta suziriak egun hartan Zarautzen!

Urte batzuk lehenago Loiolan bezala, Aita Garagarzaren apaiz-lanetan itsumutil aritzea maite du, eta hark Durangora joan behar duen asteburu batean laguntzen dio, bide batez hain hartua duen On Karlos Orue, apaiza eta bertsogilea, bisitatuz.

Ez zen hutsaren truke egina gertatu bisita, Zarautza itzuli eta hamabost egun baino lehen eskuratzen baitzaizkio Durangoko apaizaren bizkaierazko sei olerki; item otras de circunstancias. Eibartik Durangorainoko bidea oinez egin zuten, alajaina! Itzuleran Loiolara hurbildu ziren, non ikusi eta ezagutu baitzuen Jose Inaziok txakur txiki-polit bat, Karlin zeritzana, eta, ez tut ez murt, berekin eraman zuen Zarautza, gaueko 10etan etxeratuz.

Bizi diren hiru lagunek etxebizitza ez dute erabat atsegin eta berriaren bila dabiltza. Begiz jo dutena Bizkonde kaleko 18 zenbakiduna da eta jabea On Francisco Egaña du; harekin hitz egin eta laster moldatzen dira. Ez dakigu zenbat pagatu behar izan zuten, ez eta pagatu behar izan zutenik; behar izan bazuten, Jose Inaziok 320 erreal kobratu berriak ditu ematen dituen eskolen sari eta ongi etorriko zitzaizkion.

Egun gutxiren buruan guztiz etxekotzen dira eta Jose Inaziok berehala ikasten du nola derizten ezker-eskuineko etxeei: Casas vecinas al nampdeg;18: Dolores-enekua, Gorriya-nekua, Daniana-Sagasticho-Landa-Sagarna-nekua.

Eguberriak gertu dira eta horiek heldu baino lehen nahi ditu bizpahiru lan bururatu, gero beste egitekorik gabe Azkoitian jaiak emateko. Batetik d'Abbadie jaunari Eguberri eta Urteberriko zorionak opatuz eskutitza idazten dio.